XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Halaxe, bada, behetik gora zihoala, denbora asko baino lehen, zer deabru ote laino arteko dizdiz hura eta... argia!.

Zakur zaunka soinuen artean eta zaldi bipilaren salto bizian, berehala zen ate ondoan.

Karburua zuten etxekoek estalpean piztua eta handikoxe argiak libratu zuen momentuko galbidetik.

Ikusten ahal zena ikusiz, babesleku bikaina hura, alajainkoa!, paraje haietan jasoa izateko.

Ez zuen atea jotzen lanik izandu ze gizonezko larri bat eta gazteago beste bat atarian bait zituen zai.

- Gabon Jainkoak deizuela!- egiten zien diosal Santxok, gaurgero lasai eta ederbegira.

- Baita hiri ere... - gehiagoren esperoan etxeko jaun zirudienak, luzean mehe, begi argi eta bizar urdin.

- Ez da giro, arraioa!- zalditik jetxi, zakurrak isilerazi eta oinetara zituenean.

Eguerdiz gero hor nabil bidetik irtena eta noragabe, hostoa haize eta lanbrotan bezala.

Bistan duzuenez, errukarri natorkizue ia eskutsik eta txima jario....

- Ez haugu hi hemengoa, ala...?- ateko gazteenak piakaitz.

- Ez. Luzea da hori esaten, ordea, eta... gosari txikiarekin nagoenez....

- Tira! Irago, gizona, lehenaz gainera bustiagotzen egon gabe hor.

- Gaurkoz ostatuz hartuko baninduzue....

Handik aurrerakoak, blaga, solas eta gainerakoak Justiz etxeak ditu bere harritan gordeak, hain gordeak eduki ere, non inolako harribizik egundo berrituko ez dizkigun.